XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez nion gertaera honen berri emazteari jakinerazi denbora luze samarra igaro arte.

Eta laster suertatuko zen jazoera mingarri batekin ene buruan elkarturik ez balego, ez nukeen hemen aipatuko.

Goiz hartan, lekuko nintzela, ene haur maitearen ehorzketa izan zen.

Goibel eta nahigabeturik nuen bihotza.

Baina bertan on guztien izpirituak soilik eragin dezakeen aldaketa nabaritu nuen, eta nire neurriz gaineko eskerrona eman nion gertaerak oro apailatzen dituenari.

Jainkoarenganako amodio eta beldurra, sendo haziak ziren ene baitan; apalki makurtu nintzaion haren borondate izugarriari; pena itzel hura igorri zidan haren ontasun, zuhurtzia eta gupidan uste osoa nuen.

Baina ezbehar honi lotutako ustekabe batek laster ipiniko lituzke proba gogorrean ene konfidantza eta eroapena.

Artean goiz zen, elizkizun goibelak buruturik, etxeratu nintzenean.

Emazteak, gero jakin nuenez, ohe gainean jarraitzen zuen.

Baina norbait nuen zain etxe aurrean eta atea jo aurretik ireki zidan.

Nor eta maizterra.

- Zure aiduru izan nauzu, onuragarri suerta lekizukeen zerbait esateko asmoz, baina dagoeneko beranduegi ez ote den beldur naiz.

Penagarria, benetan, zu honen odolbero eta astigabea izatea; ziur naiz ez zenidala entzun nahi izango gaur goizean.

Ez dakizu ze haserrekor eta zakar zaren saindu bihurtuz geroz-